Txorrakeri asko esango dute, xelebrekeriak aipatuko dituzte, bainan oso gutxik hitz egingo dute musikari honen talentoari buruz.
Gaur berandu enteratu naiz baina beste musikari batzukin hitz egin det eta guztiok gauza bera komentatu degu: Ez ginan fanak, "Thriller" diskatik bere diskoak etziran interesgarriak guretzat... baina guk orok errespetatzen genuen.
Niri Jackson Five taldea asko gustatu zait, disko guztiak dauzkat, eta mutiko hau (beti haurra izan da) oso talentotsua zela deritzot.
Gizarteak, monstruoari - eta Michael Jackson monstruo bihurtu zan 1984tik aurrera - pekatu guztiak leporatzen dizkio. Notre-Dammeko kanpaien artean izkutatzen danari, laku batean bere isladari so egiten dion horri, edo haurtzarorik gabeko pertsona makal honi.
Industriak izarrak sortzen eta sakrifitatzen ditu.
Baina tipo hau, gaztetan, benetazko musikaria zan. Gaixotasun ilun batzutan (apika gizarteak sortuak direnak) erori baino lehen, mundu osoak miresten zuen. Diseinu berriko lapurrak haien lana hasi baino lehen, bere ahotsez eta dantzaeraz gozatzen genuen.
Zein erraza den epaitzea. Zein erraza besteen talentua zapaltzea edozein aitzaki sinestezin batez.
Bart musikari bat hil zan. Ziur nago munduan beste asko ere hil zirela.
Izar honen argiaren aurrean itsuak bagara... nola bereiztuko ditugu beste talentu guzti horiek, ospetsuak eztirenak eta atzo bezalako egun batean hil zirenak?
Castellano
Comments